José Antonio Agirre y Lecube
1904ko martxoaren 6an jaio zen Bilbon eta, ia bizitza erdia erbestean eman ondoren, etxetik urrun hil zen, Parisen, 1960ko martxoaren 22an.
Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Eusko Alderdi Jeltzalean jardun zuen politikan, bokazio eta grina handiz. Getxoko alkate izan zen (1931-1937) eta 1931n Gorteetarako diputatu hautatu zuten Bizkaian eta Nafarroan, Lizarrako Estatutua defendatzeko hautagaitzan.
1936ko urriaren 7an, historiako lehen Lehendakari izendatu zuten Gernikako Batzar Etxean egindako bilkuran. Ondoren, zin egin zuen euskal askatasunen ikur den arbola historikoaren azpian. 32 urte zituen, eta gazteena izaten jarraitzen du Lehendakari kargua hartzen.
Eusko Jaurlaritzan izan zuen agintaldia laburrena eta, aldi berean, luzeena izan zen: 1937ko ekainean erbestealdi luze eta mingarrira behartu baino hilabete gutxi batzuk lehenago baino ezin izan zuen askatasunean gobernatu, eta 1960an hil zen arte jarraitu zuen Lehendakari karguan.
Euskadin Lehendakari gisa igaro zuen denbora laburrean, Durango eta Gernikako bonbardaketak sufritu zituen. Gertaera haren ondoren munduari zuzendu zitzaion, “Espainiako faxisten zerbitzura zeuden mertzenarioen” aurkako gaitzespen-adierazpen batean. Matxinatuek aurrera egin ahala eta Euskadi betiko utzi baino lehentxeago, Euskal Herriak askatasunerako duen eskubidea aldarrikatu zuen.
Erbestealdian (Bartzelona, La Panne, Berlin, New York, Latinoamerikako hainbat herrialde eta Europara atzera) irmo jarraitu zuen euskal askatasunak eta justizia soziala defendatzen.
Agirre lehendakariak errespetu unibertsala bereganatu zuen. Euskal politikari bat izateaz harago, Espainiako errepublikanismoaren eta nazioarteko demokraziaren ordezkari garrantzitsu bat izatera iritsi zen. Jarrera baikorra erakutsi zuen bizitza osoan zehar. Izan ere, erbestealdiko egun bakoitza, Parisen hil zen arte, demokraziaren garaipenaren eta Euskadi aske batera itzuli ahal izatearen uste sendoarekin bizi izan zuen.
.