Agurra
Memoria gogoratzea baino askoz gehiago da. Gure aurretik egon ziren haiek, hainbeste zor diegun haiek aitortzea da. Irakaskuntza eta ikaskuntza da, berrespena eta pertenentzia-sena da. Memoriak hunkitu eta inspiratu egin dezake, eta, batez ere, eraldaketaren, gidaritzaren eta iparrorratz moralaren eragile izan daiteke gero eta zalantzazkoagoa eta asaldatuagoa den mundu baten aurrean orientatzeko.
Gure asmoa da Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena orainaldian proiektatzea, elkartzen gaituzten eta babes gisa balio diguten zutabeak indartuta, hauexek alegia: Demokrazia, Askatasuna eta Justizia Soziala. Belaunaldi hark sendotasunetik, tolerantziatik, errespetutik eta desberdinen arteko akordiotik defendatu zituen zutabeak dira. Hala, gure nahia da urteurren plural eta partekatu bat ospatzea, lehen Gobernu haren bertuteak gogora ekarrita.
Gobernu hark gerra zibil betean izan zuen sorrerak itxaropenez, humanismoz eta elkartasunez betetako proiektu bat piztu zuen, 90 urte geroago indar handiaz distira egiten duen proiektua. Ordurik ilunenean egin zuen. George Steer-ek, The Times egunkariko korrespontsalak eta Euskadiko gerraren lekuko zuzenak, idatzi zuen bezala, "gobernu onaren eta duintasunaren etsenplu bikaina" eman zioten munduari.
Kemenez eta adorez defendatu zituzten demokrazia, giza eskubideak eta zuzenbide-estatua. Ordena publikoa eta bake soziala. Gerra humanizatzen saiatu ziren, gizarte zibila, pertsona kalteberenak eta preso zeudenak babestuta. Munduaren aurrean Gernikako sarraskia salatu zuten eta Herriaren etorkizuna beste ezeren gainetik jarri zuten, lur errearen politika eta errepresaliak saihestuz.

Are gehiago egin zuten, ez ziren defentsa-gobernua izatera mugatu. Salbuespen-egoera baten aurrean, aparteko gauzak egiteko gai izan ziren: osasuna edo hezkuntza bezalako zerbitzu publikoak garatu zituzten, gure kultura eta euskara indartu zituzten, garai hartarako benetan aurreratuta zeuden gizarte-politikak bultzatu zituzten. Moderazioaren irudi izan ziren erradikaltasunaren aurrean, zentraltasun humanistaren irudi elkarren etsai amorratu ziren muturren arteko borrokak eraginda zartatzen ari zen mundu batean.
Lehen Eusko Jaurlaritza hark, gure Gobernuak, letra larriz egin zuen politika: zintzotasunez, erantzukizunez eta herriaren zerbitzura. Gobernuko kideek beti jardun zuten lanean betebeharraren zentzuarekin, zuzentasunarekin eta prestutasunarekin. Ezustekoei aurre egiteko burdinazko borondatea erakutsi zuten. Larrutik ordaindu zuten. Alfredo Espinosa Osasun sailburua frankistek atxilotu eta hil zuten; gainerakoek jazarpena eta erbestea jasan zituzten.
Agirre Lehendakariaren hitzen oihartzuna ozen entzuten da oraindik ere: "Izan ginena gara. (…) (...) Gure historia oinarri izango da etorkizunari buruzko martxarako". Haren mezuak interpelatu egiten gaitu blokeen eta blokeoen, populismo- eta autoritarismo-modu berrien mundu batean, disrupzio teknologikoa, eta klima-aldaketa, migrazioak eta desberdintasunaren jarraitutasuna bezalako erronka kolektiboak nagusi diren mundu batean.
90 urte igaro dira eta gure esku dago ondare hori berritzea eta ohoratzea. Iparrorratz moral horri eustea: pertsona —ez ordea norbanakoa— eta bere duintasuna beste ezeren gainetik jartzea, askatasuna besteekiko errespetuaren eta konpromisoaren ideal gisa, Herri bat eta mundu bidezkoago eta aurreratuago bat eraikitzeko borondatea. Haiei zor diegulako. Guri zor diogulako.
Sustrai historiko sakonak dituen komunitatea gara, autogobernu sendoa eta izateko eta hazteko borondatea dituena. Urteurren hau aukera bikaina da batzen gaituena indartzeko; euskal herritar guztiok animatzen zaituztet mugarri hura gogora ekarri eta ospatzera. Etorkizuna konpromiso komunitario, zibiko eta politikoaren bidez prestatu behar dugu. Belaunaldi bakoitzak bere erronkak ditu, eta, orain, guri dagokigu elkarrizketatik eta akordiotik gure herria, Euskadi, eraikitzen laguntzen jarraitzea. Elkarrekin, etorkizunarekiko segurtasunaren eta konfiantzaren hazi bihurtuko dugu iragana
Irakurri hemen:Gobernu Kontseiluaren apirilaren 21eko adierazpen instituzionala
Imanol Pradales
Lehendakari