Joan edukira

    Jesús María de Leizaola

    Leizaola
    1960 - 1979

    Donostian jaio zen 1896ko irailaren 7an. Agirre lehendakariak bezala, 40 urte baino gehiagoz bizi izan zuen erbestealdiaren oinazea. Franco hil eta diktadura amaitu ondoren, 1979an Euskadira itzuli ahal izan zen eta bere jaioterrian hil zen 1989ko martxoaren 16an.

    Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean.

    1931n Gorteetarako Gipuzkoako diputatu hautatu zuten eta Konstituzioaren idazketan parte hartu zuen. 1936ko estatu kolpearen ondoren, Donostiako ebakuazio baketsuan esku hartu zuen. Hiria atzean utzi behar izan zuen, eta lau hamarkadatan ezin izan zuen bertara itzuli. Handik aste gutxira, 1936ko urriaren 7an, Agirre lehendakariak lehen Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Kultura sailburu izendatu zuen Gernikan.

    Lehendakariaren konfiantzarik handieneko pertsona zen eta hainbat ekitalditan ordezkatu zuen. Bilboko azken defentsaren antolaketaren arduradun nagusia izan zen. Bertan egon zen hiria erori baino ordu gutxi batzuk lehenago erbestealdi luze bati ekin zion arte, Santanderretik Bartzelonara eta, ondoren, Frantziara eta Ameriketako hainbat herrialdetara eraman zuena.

    Jose Antonio Agirreren hiletan, Donibane Lohizunen, 1960ko martxoaren 22an, Eusko Jaurlaritzaren historiako bigarren Lehendakari bihurtu zuen karguaren zina egin zuen.

    Parisen ezarri zen, baina 1974an Euskadin sartzea lortu zuen. Begoñako Andre Maria bisitatu zuen, prentsaurreko klandestinoa eman zuen Bilbon, Sukarrietako hilerrira joan zen Sabino Aranari omenaldia egitera, eta Aberri Eguna ospatu zuen Gernikan, Donibane Lohizunen babestu aurretik.

    Franco hil eta diktadura amaitu ondoren, 1979ko abenduaren 15ean Euskadira itzuli zen. San Mames futbol zelaian milaka lagunek egin zioten ongietorria, eta hurrengo egunean Carlos Garaikoetxea lehendakari berriari eman zizkion bere ahalmenak, zeina Euskal Kontseilu Nagusiko presidente aukeratua izan zen.