Juan José Ibarretxe Markuartu
Laudion jaio zen 1957ko martxoaren 15ean.
Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean.
Laudioko alkate (1983-1987) eta Arabako Batzar Nagusietako presidente (1986-1991) izan zen. 1991 eta 1999 artean, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio sailburua izan zen, eta Ardanza lehendakariak berak lehendakariorde izendatu zuen 1995ean.
1998ko urriko hauteskundeen ondoren, Lehendakari hautatua izan zen 1999ko urtarrilaren 2an, eta berriro izan zen hautatua 2001ean eta 2005ean egindako hauteskunde autonomikoen ondoren.
Bere agintaldian ekinean aritu zen Euskadin bakea lortzeko ahaleginean, bereziki 1999ko urrian ETAk iragarri ondoren su-etenari azkena emango ziola, Lizarrako Itunaren ondorioz urtebete lehenago dekretuz ezarritakoari.
2002ko irailean, Lehendakariak 1979ko Estatutuaren erreforma-proiektua iragarri zuen: Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoaren Proposamena, Ibarretxe Plana izenez ezaguna. Testua 2003ko urrian aurkeztu zen, eta 2004ko abenduan onartu zen Legebiltzarrean. Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen erabilera azpimarratzen zuen testuak, eta Euskadi autonomia-erkidego izateari uztea proposatzen zuen, Estatu konfederal baten barruan elkartutako estatu aske bihurtzeko. 2005eko otsailean Kongresuak atzera bota zuen proposamena.