Iñigo Urkullu Renteria
Alonsotegin jaio zen 1961eko irailaren 18an.
Irakasle ikasketak egin zituen, Euskal Filologiako espezialitatearekin, eta Portugaleteko Asti-Leku ikastolan hasi zen irakaskuntza lanean. Imanol Pradales izan zuen ikasle, bere ondorengoa 2024an Lehendakari hautatua izan eta gero.
Bizkai Buru Batzarreko (2000-2008) eta EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (2008-2012) presidentea izan zen, 2012ko abenduaren 15ean zazpigarren Lehendakari bihurtu aurretik. Berriro izan zen hautatua 2016ko eta 2020ko hauteskundeetan.
Autogobernuarekin Eusko Jaurlaritzak zuen konpromisoa indartu zuen Urkulluk, bere defentsan sakondu zuen, eta euskal erakundeen gizarteratzea eta modernizazioa bultzatu zituen. Bere gobernua, auzolanaren, egonkortasunaren eta gizarte ongizatearen alde irmo lanean, oso garai zailetan erronka politiko, ekonomiko eta sozialak kudeatzeko erakutsitako gaitasunagatik nabarmendu zen: 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioak, Errusiak Ukrainan egindako inbasioa eta COVID-19aren pandemia, besteak beste.
Lehendakariak hainbat lege garrantzitsu sustatu zituen, tartean Memoria Historikoaren Legea, 2023ko irailaren 23an onartua eta Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimak aitortzen zituena; Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea, 2024ko otsailaren 8an Eusko Legebiltzarrak onetsia eta 2050erako neutraltasuna, erresilientzia eta bidezko trantsizioa lortzea helburu zuena, 2030ean emisioen % 45eko murrizketa lortzea bezalako mugarri handinahiekin; eta Haur eta Nerabeen Legea eta Trans Lege berria, biak 2024ko otsailaren 15ean onartuak.
2024an, Iñigo Urkulluk Sabino Arana Saria jaso zuen, Euskadiren alde egindako lanagatik eta erakutsitako dedikazioagatik.