Imanol Pradales Gil
Santurtzin jaio zen 1975eko apirilaren 21ean.
Bere bokazio politikoa, neurri batean, bere aurreko Lehendakari Iñigo Urkulluri zor zaio, Natura Zientzietako eta Hizkuntzako bere irakaslea izan zenari Portugaleteko Asti Leku Ikastolan. Politikak gauzak aldatzeko eta elkarrekin aurrera egiteko beharrezko tresna gisa duen zilegitasunaz eta indarraz konbentzituta, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktoratu zen Deustuko Unibertsitatean, eta eszedentzian dagoen irakasle-ikertzailea da bertan.
Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatua (2011-2015), Garapen Ekonomikoko diputatua (2015-2019) eta Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatua (2019-2024) izan zen, eta azken kargu horretan zegoen Eusko Alderdi Jeltzaleko zuzendaritzak jakinarazi zionean bera zela 2024ko hauteskundeetan lehendakarigai izateko hautatua.
2024ko ekainaren 22an egin zuen karguaren zina Gernikako arbolaren azpian. Inbestidura-hitzaldian anbizioz eta apaltasunez gobernatuko zuela agindu zuen, eta bere gobernuaren norabidea finkatu zuen: Euskadi nazio gisa aitortzeko eta euskal subiranotasuna indartzeko estatutu itun berri bat sustatzea, zerbitzu publikoak hobetzea, bereziki Osakidetza, eta industria bultzatzea.
Agintaldiaren lehen urteetan abian jarritako ekimenen artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, Enpleguaren Euskal Estrategia, Industria Plan berria, Euskal Finantza Aliantza, etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko premiazko neurriei buruzko Legea, Osakidetzako Lehen Mailako Arreta hobetzeko eta itxarote-zerrendak murrizteko jarduerak, eta Ertzaintza indartzeko eta Euskadin segurtasun integrala bermatzeko proposamenak.